2011-02-14

Ondo Xauen*


Arraroa da Afrikarekin hainbeste amets egin ondoren, nora, eta Tangerrera iristea. Etxe dotore batera tximinitik sartzearen antzeko sentsazioa behar du izan, inondik ere. Kolorerik, alaitasunik, taupadarik gabeko portua da Tanger Med, iraganaren xarmarik ere ez duena, poliziaz eta alanbre-hesiz josia. Ia ez-ikusiarena eginez, iritsi orduko agurtuz, Chauen-a joateko asmoa genuen, baina errepidean ilunduko digula eta, Ashilan hartu dugu babesa. Atlantikoko uren ertzean, kostaldeko herri txiki hau, otsaileko dekadentzian harrapatu dugu. Lur hartzeko toki aproposa.


Gida-liburuek esandakoei zintzo jarraituz, karterari poltsikoan giltzarrapoa jarrita eta dirham bakoitza azkena bailitzan borrokatzeko intentzioz atera gara medina zaharrerantz. Eta zapla! Afaltzerako jo digute lehendabiziko lepatzekoa: 1x2-ko eskaintza alajaina! Zerbitzariari bakoitzak plater bana eskatu, eta honek lau kobratu dizkigu, “birentzako razioak” nahi genituela uste eta. Ongietorri Pernandoz betetako Amezketara! Gora Maroko!

Kostaldetik, Rif mendikatearen magalera egin dugu jauzi. Hemen hasi dugu lehen azterketa sozioekonomikoa: luzaroan Marokok eta Euskal Herriak izandako merkatal harremanak, bere aztarna utzi du bertako kulturan: hala, Chauendar batzuk gai dira 10 segundoz azpitik “kaixo-lagun, euskara-badakizu, gora-euskadi-askatuta”, gipuzkoako 15 herriren izenak iladan eta “Txirrimirritxiribiton” nahastu gabe esateko.

Euskaldunei estimu berezia zaiela sinetsi dugu, paparra hazita. Susmatzen hasi gara, ordea, (biziak gu, e!), antzerki bat ez ote den, marketingak eta turismo basatiak idatzia.


Eta guk ez dugu saltzaileekin negoziatzen pasa nahi denbora. Guk jendearekin egon nahi dugu. Egon, entzun, aritu, nekatu, barre egin... Horregatik erabaki dugu hegoalderantz abiatzea. Merzouga eta Todgha aldera. Berebereen barrualdeko lurralde hauek asko famatu dizkigute bertan egondako lagunek, eta ilusioz hartu ditugu mapak eta gure Elektromaurer-Boteprontoren bolantea. Fez-en bukatuko da gure hurrengo etapa. Hiri handi honetan, zaila izango zaigu jendearekin egote hori. Gure sozializatze prozesuan harri-kozkorra izango delakoan gaude. Baina bertatik pasa behar eta, bisitatxo bat egingo diogu, munduko lehen unibertsitate homologatua jaiotzen ikusi zuen hiriari. (Bai, sentitzen dugu, baina Oñatikoa bigarrena izango zen, antza denez. Ze xauk, ze xauk...)

* Ziur honek oñatieraz zerbait esan nahi duela.

3 comentaris:

  1. Ze xauk?

    Baietz Merzugan bigarren lepatzekoa hartu! 5 dirham apustu!
    Maitte zauet, barbaridadia!!

    Ten Sin Jan.

    ResponElimina
  2. Joe pareja,
    Biyok bertsolarik (sinonimo "listok"?), inprobisatzailek, bat batekoak, erantzun azkarrekoak (etxean behintzat),azkarrak ... eta lehen timoa lehen astean!! Eta hau ez deki hasi besteik egin!! Ez hasi gero gurasoei transferentziak egiteko eskatzen horratik! Etziok-eta!!!
    Muxu bana eta disfrutatu ahal dana!!

    ResponElimina
  3. Aupa pareja!!!! (Agirre nok) Ondo zailtzetela bistan da, ondo pasau eta hazti ibili Pernando ta kompañiakin!!! Beltza, e-mailea eta hemen idatziko diat, ok? Moniri esango zoat gordetzeko birrea tope biontzako. Alkolemie eon ezkeo aldein, hemen funtzionatzen dik horrek eta.
    Gora gu ta gutarrak!!!!

    ResponElimina