2011-03-29

Dakar


Zergatik ez dakar Dakar Paris-Dakarrek?
Zergatik darama Paris Dakarrera?
Eneko Barberena / Joseba Tapia

Freibourg-eko libanesek irribarrea izkutatu ezinik eman ziguten bostekoa.
Lagunek ez zuten irribarrea izkutatzen ahaleginik ere egin. 900 euro. 20 urte. Ehm.
Etxekoek eskuak burura. “Bozinarik ere ez al du?!”
Ba, Dakarren da Botepronto.

2011-03-27

Postalak. Saint Louis

Senegal, azkenean! Gauez iritsi gara Saint Louis-ra, non sartzen ari ginen ikusi gabe. Goizean, begiak txiki, eta ahoak zabal. C'est la fête!





2011-03-25

Bigarrenean, aidanez

Nouakchotetik abiatu. Eromena. Kontrolak. "Diama?". "Tout droit". Batxeak eta ahuntzak. Beroa. "Hor eskubita!". Pistan barrena. Kan-kan-kan. "Zer den hau?". Dena harea. Kan-kan-kan-kan. Purrustada giroa. "Saiau hai hortio juten!". "Hortik?". Gurpila lokatzetan. Ez atzera, ez aurrera. "Ta oain?". Derrepente dozena bat aingeru mauritaniar. "Ein bultzaaa!". Berriz ere martxan. Kan-kan-kan-kan. Ia ehun kilometro veinteporhoran. Gainera iluntzen. "Gutxi falta dek!". Amortiguadoreak azkenetan. "Hara!". Mauritaniako aduana parean. Funtzionarioak txankletetan. Presarik gabe. "Lumau ein gaitiztek". Zubia pasa behar. Ordainduta hau ere. "Hau Senegal dek!". Polizia-etxera aurrena. Giltzurrun bana gutxiago. Aduanara orain. Atera paperak. Tipoak buruarekin ezetz. "Zer pasatzen den, ba?". Gizonak alde. "Seillu bat falta omen dek...". Negar-gurea. "On ne peux vraiment pas arranger ça?" Ezin gara pasa. Negarra. "Ta oain?".


"Eunon eo...". Kendu makarrak. Atzera goaz. Kan-kan-kan-kan-kan. Bost orduz etorritako bidetik. Beroa. Ahuntzak eta batxeak. Berriz Nouakchotten. Korrika DHL-ren egoitzara. Paperak Hendaiara bidean jarri. Egun bat. Bi. Hiru. Sei. Paperak berriz eskutan. "Muxu bat Marijo!". Berriz mugara bidean. Proba dezagun Rosso-tik. Kontrolak. Batxeak eta ahuntzak. Beroa. "Gutxi falta dek!". Hara, Mauritaniako aduana. Ezin jendea gainetik kendu. Literalki. Itolarria. Polizien siesta ordua. Orain otoitzak. Badatoz. "Lumau ein gaitiztek".  Ferryra igo. Festa galanta. "Berriz Senegalen!". Polizia-etxean lehen geltokia. Orain aduanara. Kaka eginda. "Ze esateiñe?". Gu zain. Ordenagailu bakarra bulegoan. Windows-en solitarioa pantailan. Presa? Zer da hori? Uniformedun bat guregana. "Tout est OK". "Oain bai?". "Oain bai!". Arnasa. Senegalen gaude!

Deskonposizioa

"No, no, no calienta igual,
el sol, bajo nuestro pie."
Barricada


Tartean Atar eta Chinguettin egun batzuk pasatu ditugun arren, denera aste bete egingo genuen Nouakchotten. Latza hiria! 

Ez dira erraz ulertzekoak hemengo giza-taldeen nondik-norakoak. Moro "txuriak", moro beltzak, soninke-ak, peul-ak, wolof-ak, etorkin txinatarrak... Bertako etniek, oro-har, hizkuntzaz gain, ohitura propioak mantentzen omen dituzte, nahiz, hemen ere, globalizazioa jan tajinetan. Guk jasotako azalpenek etnia bakoitzari etiketa bana jartzeko adina balio digute, alegia, batere ez, eta ezagutu ditugun pertsonen ezaugarriak ezin dizkiegunez euren jatorriei egotzi, ia-ia etorritakoan bezalaxe gaude. Jakinmina besterik ez zaigu hazi.

Bada, ordea, ustez ulertu dugun zerbait: Inazio gure patroi handiaren bilobek lasartearrei buruz esandakoak, mauritaniarrentzat ere balio duela. Nahasketa denak ez dira koktel izaten.

Ikusi ditugu goitik beherako begiradak, behetik lurrerakoak, zeharkakoak,;handinahien, lotsen edo ezinen bektore. Eta ustel usaina nabaritu dugu. Ez ditugu keinuen laurdenak ulertzen, ez, baina, sinesten dugu botere harremanak usaintzeko gure gaitasunean. Eta  besterik ere baden arren, tarteka sudurpetik pasatzen zaigun hau, ustel usaina da.

Eta jendartearen deskonposizio honetan non kokatu gure burua? Gehienetan egotziak zaizkigun posizioak bi dira: erabat zeruan, ala erabat hankapean. Gu begien parean jartzen saiatzen gara, eta gero eta maizago lortzen dugula iruditzen zaigu. Lainoetatik behera eta sasietatik gora egiteko tresna bat zorrozten ari gara: umorea!

2011-03-21

Afrikadak. "Anpulua"


Dena da denbora. Denbora eza harmonia eza da.
Denborak ikusi gaitu ekinean, lasterka, beti, buruhausteei aurre egin nahian, orduekin borrokan.
Nork ez du denbora gelditu nahi izan?

Norberarentzat denbora.
Denbora zertarako? Bakoitzak gauza dezala bere ametsa.
Denbora bat iturrietara jotzeko. Zabaltzeko, berritzeko, ausartzeko.
Denbora bat beste aurpegi batzuk aurkitzeko. Beste leku batzuk, beste egiteko era batzuk,
izateko beste era batzuk.
Emozioz aberatsa den denbora bat,
irriz ala kantuz aberatsa.
Denbora bat unibertsoa miresteko.
Denbora bat sortzeko eta birsortzeko.
Denbora bat bide ezagunetatik ateratzeko,
ikastearen plazeraz oroitzeko, harritzeko.
Denbora bat gogoetarako, sakontzeko.

Anpulu batek, airean zintzilik, zeruaren isla ortzadar koloretan itzultzen du.

Arnasten duen denbora bat, hazten den denbora bat.
Opari gisa hartutako denbora bat.
Norberarentzat hartutako denbora ez da denbora berekoi bat, besteei kendutako denbora bat, atzera gure inguruari itzuliko zaion denbora bat baizik. Geroago. Ezinbestean.
Elkartruke berri gisa, hobe-izate konpartitu gisa, indar sortzaile gisa.

Norberarentzat hartutako denbora
beti da, orobat,
besteentzako denbora.


Khalil Ibrahima N'Dongo.
2011ko martxoaren 19an, Atar-en.


N'Dongo eta Abdul Karim, Atar-ko gure maisuak!

2011-03-13

Postalak. Nouakchott-eko portua

Imaginatzen duzue XIX. mendeko Ondarru erraldoi bat? Guk ere ez, baina, horixe da burura etorri zaiguna Nouakchotteko portuko haretan jarrita.






2011-03-11

Afrikadak. "Troskan"

Zenbat aldiz sentitu ote naiz iraultzaile txikira ordago jota?
Zenbat larunbat goiz izorratu mundua konpondu nahian?
Zenbat aldiz damutu ostiral gaueko zerbezez?

Marrubizko batido hau zuen alde.

Nouadibou

Ustekabean harrapatu gaitu leherketak. Egun erdia errepidean eta beste erdia mugetako bulego eulitsuetan eman ostean, lo-zaku barruan babestea da batek desio duen bakarra, baina, kolpez esnatu gaitu eztandak.

Bapatean, etxeak kolorez apaintzen hasi dira, arraza-dantza azaletan nabarmentzen, errepidea zein bide-bazterrak kaos bihurtzen. Hemen zerbait pasa da. Afrika beltzean sartzeko ateetako bat gurutzatu dugu.

Iritsi orduko txunditu gaitu Nouadibouk. Munduko trenik luzeena esaten diotena aldamenean lagun hartuta sartu gara ahoko zuloan. Eta ohartzerako irentsi gaitu hiriak. "Begira han, area harrotua, barazki saltzaileak oihuka", "Zer da hau?". Ahuntzak auto artean, haurrak futbolean, eromena.

Nouadibou ez da postaletako hiria. Ez da kabitzen.
 





2011-03-09

Sahara


Itsas-ertzetik zeharkatu dugu Sahara. Ertzetik. Zeharkatu. Ikusi ditugu militarrak, hesiak, banderak. Imaginatu ditugu minak, minak, eta amorru-malkoak. Baina, guk ertzetik zeharkatu dugu Sahara. Zeharka.

Marokon denbora gehitxo eginda, Afrika beltzera pasatzeko gogoz, Mendebaldeko Sahara ez-leku bihurtu zaigu. Mauritaniarako bidean sentitzen gara Mendebaldeko Saharan baino gehiago.

Gau bat egin dugu Lâayounen eta bi Dakhlan. Bertako arrantzaleak, Alpujarretako komuna bateko sei gazte eta gu elkartu gara azken lurmutur honetako hondartza batean. Darbuka soinuak, kitarra doinuak eta suzko malabareak iluntzean. Hara gure Dakhla. Hizketaldi laburrak izan ditugu bertakoekin. Laburregiak. Eta begirada motz gelditu zaigu.

Erdi nahigabeko eta erdi nahitako miope, ezjakintasunaz jakitun, gure oinek lurrik ukitu ez balute bezala pasatu garela iruditzen zaigu. Ezin, beraz, ez dakigunaz baizik idatzi.
Ezezko esaldiak, herri ukatu batentzat.

Zorretan gaude zurekin, Sahara.


Mendebaldean, itsasoa

Errepide amaigabea

Itsasbehera Dakhlan

2011-03-05

Tan-Tan-Rabat-Tan-Tan

 
Kuriosoa da ze gertakari desberdinek egiten duten topo ezustekoen zakuan. Gozoek, gaziek,...

Ezustekoa da, adibidez, Ataungo kanteran lanean aritutako amazigh bat ezagutzea. Ezustekoa da, ia Saharako puntan konturatzea Boteprontok azpiko aldean aldatzeko gurpil bat duela (eta guk saihespean gibela galanta!). Ezustekoa da, Mauritaniako bisatuarekin gertatu berri zaiguna.

90. hamarkadako foroak kontsultatzeak ematen duen lasaitasunarekin, egunak generamatzan hegoalderantz, Mauritanian sartzeko baimena mugan bertan emango zigutelakoan. Damian argentinarrak abisatu zigun, ezagutu zuela bisatuaren bila Rabatera joandakoren bat. “Badaezpadakeriak”, pentsatu genuen guk, Tan-Tan-era jotzea erabakita.

Zalantzaren harra kriski-kraska ari zen, ordea, eta enbaxadetara deika hasi ginen telefonoz, harik eta zalantza guztiak uxatu zizkiguten arte: 2009an erretiratu zituzten zigiluak mugetatik, eta Rabatera jo beste erremediorik ez genuen bisatua lortzeko. Alegia, bi mila kilometrotik gora etorritako bidetik. Goazen, ba!


Kuriosoa da kaskagogorkeriaren fenomenoa. Eskarmentutik ikasi beharrean dohain gisa bizi dugunoi, hormak, itsasoak eta Mauritaniako mugak zeharkatu ditzakegula sinestarazten digu. Eta hala, kopeteko mingarriak hartzen dira, edo Kubarako hegaldiak galdu.

Kuriosoa da burugogorkeriaren fenomenoa. Bi mila kilometro egiteko lagun ona da, behintzat.

2011-03-01

Afrikadak. "Izarrak II"


Ikusten ditugun izar batzuk aspaldi itzali ziren. Baina, gauez zerura begira, batek ez daki zeintzuk diren itzalita dauden izarrak eta zeintzuk piztuta darraitenak.
Botepronton, Bilintxen bertsoak eta oiartzungo bertso-eskolakoenak nahastuan entzuten dira.