2011-01-03

Kottaduak gu...!

... eta burokrazia, gazteak, burokrazia! Asterixek eta Obelixek bezala, bidaiarien olinpora sartzeko adina inprimaki bildu dugu, halabeharrez: gidabaimen internazional, ibilgailuaren inportazio baimen (europar baliokidetza agiri, kontrol tekniko, karta gris...), carnet de passage, bidaia aseguru, txerto-agiri, kreditu txartel... Karpetak paperez bete eta poltsikoak txanponez hustu ahala, bidaiaren su txikia ahuldu den susmoa dugu. Burua ez hemen, eta ez han. Eskerrak bihotza ari den tiraka.


Bidean aurrera goazela sinesteko, hankak lotuta ditugunez, eskulanari ekin diogu. Kanpora egur zaharrak! Utikan alferrikako txapak! Zabaldu leihoak eta astindu hautsak! Sabela berritu diogu gure hogei urteko bale zaharrari (haundia haiz, Armendariz!).


Gure sua indartzeko egurra behar eta, beste bidaiari batzuei eskatu diegu laguntza. Baita jaso ere. Erantzun bila jo dugu beraiengana, eta ez digute espero genuenik eman, behar genuena baizik: galdera eta ilusio berriak (Luisa, Onditz, Mikel, Nagore, Iñaki... Aupa zuek!).
Armiarma-saredun furgoneta geldirik dagoen arren, guri, gurpilak mugitzen zaizkiola iruditzen zaigu.