2011-07-13

Urkizutik Faktoriara

Gaur izan gara Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Manu Etxezorturekin hizketan.
Hasieran nerbioei ezin eutsirik aritu gara, eta gero motza egin zaigu!

Beldur pixka bat ematen du elkarrizketatua izateak. Zer galdetuko ote digute? Nola erantzungo ote dugu? Larritu egin gara, eta Miramongo aparkalekuan, gure Boteprontotik atera aurretik, pasarazi nahi genituen ideia nagusiak papertxo batean idatzi ditugu. Poltsikoan sartu eta han joan gara.
"- Neokolonialismoa (Frantzia eta Europa, Txina, Saharan Maroko...), turismo txarraren eragin kaltegarriak, zenbait kooperazio proiekturen ustelkeria...
- Gure aurreiritziak. Urtetako informazio eskasak gure garunetan uzten duen zaborra. Arrazistak gara. Bai.
- Afrikari buruzko gure ezezagutzaz haratago: historia aberatsa (kolonizazioaren aurretik "ere bai"!), aniztasuna (kulturak, hizkuntzak...), espiritualtasuna...
- Herri musulmanetan emakumea ez dago a priori gurean baino zapalduago. Zapiaren gaia ateraz gero, gogor egin!
- Afrikar "pobreenganako" paternalismorik ez!

- Eskerrak eman bidaia prestatzen eta bidaian zehar lagundu diguten lagunei.
- Ez dugu "zaila" den ezer egin, gurea ez da "abentura" bat izan. Zailena abiatzea izan da, eta entzungo gaituztenei hori esatera gatoz!"

Nola ez, idatzitako erdiak ere ez ditugu esan. Baina, horietako batzuk bai! Espero dugu antena-unea baliatu izana, eta entzun gaituztenetako batzuei Afrika ezagutzeko gogoa piztu, edo indartu izana.

A, eta gaur goizean Euskadi Irratia entzutea baino zerbait hobea egiten ari zinetenok (zorionekoak zuek!) elkarrizketa entzun nahi izanez gero, sakatu hemen!

2011-06-26

Etxean?

Heldu gara etxera. Etxera? Gauzak utzitako tokian daude. Eta pertsonak; bada, gehienak ere bai. Besarkadak, malkoak, poza sagardotan. Galduta gaude, noraezean. Itzulera beste bidaia baten hasiera besterik ez da. Eta gaua heltzean, zerura begira geratu gara. Izarrak bai, izarrak aldatu egin dira.

2011-05-13

Bamako - ... - Bamako - Urkizu

Agur argazki-kamerak!
Agur bloga!
Etxerako bidea barrura begira egin nahi dugu. Barrura, eta ingurura.
Agurtu nahi ez ditugunekin egon nahi dugu, agurtu behar izan arte, gutxienez.

2011-05-03

Dogon Herria

Eta aurrera goazen neurrian, kontatzeko gogo gutxiago daukagula ohartzen ari gara...
Hitz egingo dugu itzuleran. Hau handiegia da!
Gora Dogon Herria eta dogondarrak!

 
 

 
 
 

2011-04-24

Bamako

Ez zen helburua. Aitzakia zen. Izen bat. Puntu bat. Nonbait jarri behar eta bertan. Ez zen helburu bat. Baina, heldu gara, eta arraro sentitu gara.
Puntua, nonbait jarri behar eta bertan jarri genuen. Erreferentzia. Itzuli-erdi egin eta gure urratsen markak berriz zapaltzen hasteko tokia.
Ez zen helburua, aitzakia zen, izen bat, puntu bat... baina, ezinbestean, iritsitakoan atzera begiratu dugu, eta zerbait lortu dugunaren sentipenak hartu digu barrua. Eta harritu egin gara. Ez genuen harro sentitzerik espero. Ez zen helburua. Aitzakia zen.
Eta konturatu gara ez gaudela harro mapako puntu honetara heltzeagatik. Postea ikutu eta "niregatik eta nire lagun guztiengatik" esan ahal izateagatik. Harro sentitzen gara, saiatu izanagatik. Abiatze hutsagatik.
Eta harrotasun goxo hori barruan, bidailagun eta babes izan ditugunak gogoan, aurrera goaz. Aurreraxeago. Izango da non buelta-erdi egin.



2011-04-20

Dindefelo

Pacha Mamak badaki errukitzen goiz jaiki denarekin. Iwoleko herrixkatik jaitsi eta eguzki galdatan urik gabe autostop egin behar duenarekin. Igeltsero baten kamioia geldiarazi eta tona-erdi ladreilu deskargatzen lagundu duenarekin.

Pacha Mamak Dindefelo oparitu digu.



 


P.S.: Onartu beharra dago. Estudiante putzua baino bastante hobea da.