2011-02-28

Helix aspersa

Damian da Tiznit-eko kanpinean aurkitu dugun gazte bakarra; beno, berak aurkitu gaitu gu, kafe baten aitzakian. Gezurra badirudi ere, Afrika zapaldu genuenetik argentinar hau da ezagutu dugun lehen bidaiari gaztea. Ez sinistekoa baita hemen dabilen pentsiodun europarren autokarabana tropela. 

Barraskilo erraldoi hauek, mantso-mantso, etxe osoa gainean daramate (bi antena paraboliko barne) eta doazen tokian arrastoa uzten dute. “Deskulturizazioa” deitu dio Damianek. Hostoa jan eta lika utzi. Hala bihurtzen omen dira laborariak gida eta artzainak zaindari. Arrazoia usaindu dugu Damianen hitzetan, baina, kosta egiten zaigu onartzea hobe leudekeela frantses jubilatu guztiak etxe-zuloan. Nahikoa lan ematen digu gure arrastoa zaintzeak..
Hemen karakola ez dena, barea da.


Egindako bideari begira, Taroudant-ez gogoratu gara. Ilunabarrak gorritutako harresien inguruan hurbildu zitzaigun Hassan, bere gaztelaniari hautsa kendu nahi ziola eta, espainolak ote ginen galdezka. Euskaldunon ohiko azalpen geo-politikoak eman ondoren, mintzapraktikan segi genuen, hirurok, eta biharamun goizerako geratu ginen.


Orduan ezagutu genituen Mina, Youssef eta Ayoub txikia. Ederra bazkaria (berenjena frijitua hain ona egon zitekeenik ere!). Hirian paseotxoa. Galderak eta choukranak. Itzulerakoan berriz elkartzekotan gelditu ginen, porru-patatak jateko, eta hegoalderagoko kontuak agindu genizkien. 

Europarrak izaten jarraitzen dugu, baina ez gara lika hutsa. Mauritaniatik lehen postala zuentzat!


2011-02-20

On/Off


“Geratzen al da munduan txokorik, internetek edo mugikor koberturak bortxatu gabekorik?”
Galdera hauxe piztu zitzaigun Erg Chebbiko dunetan gaua pasatzeko aukera izan genuenean.


Kontraste-lekua da desertua. Ez genion aparteko ezer eskatu, idealizazioaren gameluak ipurdia gorritzeko beldurrez. Konta genezake zein txiki sentitu ginen itsaso geldi hartan. Zenbat isiltasun entzun genuen. Hango egunsentiak gure malkoz, bla, bla, bla. Baina ez.

Gu, bakerozko praka eta kamiseta termikodun bereber rastafari batek gidatu gintuen jaimetaraino. Han, “Joxe Ramon” artzain izandako zaindariarekin elkartu, eta gauerdira arte musika entzuten egon ginen beraien mugikorretatik, gnawaz, youtube-z, bluesaz, eta GPS-ez hizketan.

Kontu eta kantu artean, irribarre bihurriz kontatu ziguten nola frantses talde batek aste bete zeraman aldameneko kanpalekuan, hitzik egin gabe, meditatuz eta noizean behin garrasi-terapiak eginaz. Barre egin genuen guk ere. Eta une batean, bat bere buruaz barrez ari denean bezala sentitu ginen.

Konexioa, deskonexioa. Zerekin, zertarako.

Gure burutazioen noraezaz jabetuta, euskarazko jarduna utzi eta frantsespainolera itzuli ginen.

      - Hemen, Ibrahim, mugikorrak ba al du koberturarik?
      - Mugikorrak bai. Baina nik ez.

2011-02-19

Afrikadak. "Izarrak I"


Indartsuagoa da izarren distira hemen.
Errazagoa elkar-lotuz konstelazioak marraztea.
Gehiago ere zenbatu ditzakedala iruditzen zait.

Ez dakit. Han ez diet horrela begiratzen.

2011-02-18

Tanamert, Ismail


Gasolindegi batean pasa dugu eguna.

Urkizutik abiatuz geroztik, ia hiru mila kilometroren ostean, lehen buruhaustea eman digu Boteprontok: sabai gainean materiala eramateko pieza bat hautsi zaigu.

Eguzkia gogor jotzen hasi denean, Aufuss-en geratu beste erremediorik ez dugu, garaje baten bila. Ez dakigu mekanikoen jai egun nazionala den edo zer, baina, estualdian, gasolindegi bateko gazteek lagundu digute; tartean, Ismailek.

Eskuak artean beltz, berezia izan da lehenengo tea, gazte amazigh honekin hartutakoa. Gure txikitasunaren eta lau hizkuntza nahasian erabiltzearen aldapetatik, elkartrukearen ordokira iritsi gara. Bere herriaz galdetuta, harritu egin gaitu, esan digunean, amazigh izateak hiru oinarri dituela. Hiru. Tamazight, Imazighen eta Tamazgha. Hizkuntza, Historia eta Lurra.

Orduak hegan doaz, maitasun-, borroka- eta hizkuntza-minez hizketan. Hurbildu nahiaren seinale da, bereizten gaituena ahaztu gabe, batzen gaituenaz aritzea. Ilunabarrean, edalontzietan te hondarrak nola, hala geratu da agerian esker ona mahai gainean. Piztu dira neoizko argiak. Dantzatu kitarra konpai!

Banaka-banaka, jendea bildu da kitarraren bueltan, eta kefta afaldu dugu Aufusseko kuadrilla berrian. Ez dira, ordea, bakarrik etorri. Watra, panderotzar, eta danborrak eskuz-esku pasaz, amazigh kantuek eraman gaituzte ilargi beteraino.

Gasolindegi batean pasa dugu eguna.

2011-02-16

فـاس

Ezinegon gozoa. Goizean iratzarri, eta ez dakizu non zauden. Begiak zabaltzeko gogo bizia sartu zaizu, baina, eutsi egin diozu une batez. "Posible al da non nagoen ez jakitea?".

Bazkalondoan iritsi ginen. Gure lehentasuna, lotarako txoko bat aurkitzea zen, eta aparkalekua bilatzeari ekin genion. Horrela ezagutu genuen Mohamed. Hiriko hotel garestienetako batean egiten du lan, egunean hamabi orduz, autoak zaintzen. Audi eta Volvo artean txokoren bat egingo ote zigun galdetu genion, eta berak baietz, jartzeko ezkutu samarrean. Baina, gaua bertan pasatzeko asmoa antzeman zigunean, aurpegia aldatu zitzaion, nagusien beldur. "Zatozte etxera, zazpietan bukatzen dut lana".

Begiak zabaldu ditugu. Fezen gaude. Khadija, Mohameden ama, gosaria prestatzen ari da dagoeneko. Utman txikia eskolarako gertu dago, motxila eta guzti. Khalid, aita, gaur Casablancara doa medikamentu bila. Eta gu oraindik makarrak kentzeko.

Bezperako solasaldia luzatu da gosaritan, eta laugarren teari uko eginda, medina zaharrera jo dugu. Dena kalea eta jendea. Zilarra, gozo-gauza, astoak, alfonbrak, usainak. Larrua ontzeko uso-kakarena, espezia dendakoa, barazki merkatukoa eta sailkaezinak egiten zaizkigun beste mila.


Arratsaldea Utmanekin jolasean eman dugu. Eskolako kanta bat eta  Son gokuren kamejameja arabez egiten erakutsi digu. Mohamed lanetik itzuli denean egin ditugu biharko planak: hammama eta kuskusa! Hamabostean izango da "Rabi‘ al-Awwal"-a, Mahomaren urtebetetzea, eta ordurako barrutik eta kanpotik egon behar dugu garbi!


Hiru egun eman ditugu Mtoul familiarekin, eta bagoazela esan diegu. Azken une hauetan, zeharka, baina, eskean hasi zaizkigu. Ezustean harrapatu gaitu. Egia esan, deserosoa egin zaigu eta agurrak ez dira guk nahi bezain beroak izan. Ahaztuta geneukan europarrak ginela. Honen analisia, aurrerago.

2011-02-14

Ondo Xauen*


Arraroa da Afrikarekin hainbeste amets egin ondoren, nora, eta Tangerrera iristea. Etxe dotore batera tximinitik sartzearen antzeko sentsazioa behar du izan, inondik ere. Kolorerik, alaitasunik, taupadarik gabeko portua da Tanger Med, iraganaren xarmarik ere ez duena, poliziaz eta alanbre-hesiz josia. Ia ez-ikusiarena eginez, iritsi orduko agurtuz, Chauen-a joateko asmoa genuen, baina errepidean ilunduko digula eta, Ashilan hartu dugu babesa. Atlantikoko uren ertzean, kostaldeko herri txiki hau, otsaileko dekadentzian harrapatu dugu. Lur hartzeko toki aproposa.


Gida-liburuek esandakoei zintzo jarraituz, karterari poltsikoan giltzarrapoa jarrita eta dirham bakoitza azkena bailitzan borrokatzeko intentzioz atera gara medina zaharrerantz. Eta zapla! Afaltzerako jo digute lehendabiziko lepatzekoa: 1x2-ko eskaintza alajaina! Zerbitzariari bakoitzak plater bana eskatu, eta honek lau kobratu dizkigu, “birentzako razioak” nahi genituela uste eta. Ongietorri Pernandoz betetako Amezketara! Gora Maroko!

Kostaldetik, Rif mendikatearen magalera egin dugu jauzi. Hemen hasi dugu lehen azterketa sozioekonomikoa: luzaroan Marokok eta Euskal Herriak izandako merkatal harremanak, bere aztarna utzi du bertako kulturan: hala, Chauendar batzuk gai dira 10 segundoz azpitik “kaixo-lagun, euskara-badakizu, gora-euskadi-askatuta”, gipuzkoako 15 herriren izenak iladan eta “Txirrimirritxiribiton” nahastu gabe esateko.

Euskaldunei estimu berezia zaiela sinetsi dugu, paparra hazita. Susmatzen hasi gara, ordea, (biziak gu, e!), antzerki bat ez ote den, marketingak eta turismo basatiak idatzia.


Eta guk ez dugu saltzaileekin negoziatzen pasa nahi denbora. Guk jendearekin egon nahi dugu. Egon, entzun, aritu, nekatu, barre egin... Horregatik erabaki dugu hegoalderantz abiatzea. Merzouga eta Todgha aldera. Berebereen barrualdeko lurralde hauek asko famatu dizkigute bertan egondako lagunek, eta ilusioz hartu ditugu mapak eta gure Elektromaurer-Boteprontoren bolantea. Fez-en bukatuko da gure hurrengo etapa. Hiri handi honetan, zaila izango zaigu jendearekin egote hori. Gure sozializatze prozesuan harri-kozkorra izango delakoan gaude. Baina bertatik pasa behar eta, bisitatxo bat egingo diogu, munduko lehen unibertsitate homologatua jaiotzen ikusi zuen hiriari. (Bai, sentitzen dugu, baina Oñatikoa bigarrena izango zen, antza denez. Ze xauk, ze xauk...)

* Ziur honek oñatieraz zerbait esan nahi duela.

2011-02-09

"Hauxe da despedidea"


Egunak dira gurpilak mugimenduan dabiltzala. Gu gara orain, geldirik sentitzen garenak. Ez genuen abiatu nahi geure buruekin bakean sentitu gabe, eta aste hau agurretarako gorde dugu. Harekin bazkaria, bestearekin lau garagardo eta hurrengoekin afaria, bost hilabetez ezer jan gabe irauteko moduan gaude. Aste honetako esaldi entzunena: “Jan, jan, han eztezue ta hola jango!”. Ez, ez, “hola” ez.
Txuletak txuleta eta sagardoak sagardo, aste honetan gehien gozatu duguna jendearen berotasuna izan da. Eskerrik asko guztioi hain maitatuak sentiarazteagatik.
Hori bai, hainbeste besarkada, isilune eta begi-gorri, ia sinetsi dugu betirako goazela. Tarteka sentimendu hori hotzikara bihurtzen bazaigu ere, bizkarrari igurtzi pare bat eman eta elkarri barre egiten diogu. Ez, ez,... jarri botila batzuk freskatzen itzulerarako!

 
Eta abiatu gara, Urkizun behera! Zeharkatu dugu penintsula iberikoa eta konturatzerako Gibraltarko itsasartea zeharkatzen ari gara. “Hi, oaindik in ingoyau biajia, Aitzol!" (Miren dixit). Eta abentura hasi dugula sinetsi dugun momentuan ohartu gara, bidaia, aspaldi hasi genuela.