2011-02-16

فـاس

Ezinegon gozoa. Goizean iratzarri, eta ez dakizu non zauden. Begiak zabaltzeko gogo bizia sartu zaizu, baina, eutsi egin diozu une batez. "Posible al da non nagoen ez jakitea?".

Bazkalondoan iritsi ginen. Gure lehentasuna, lotarako txoko bat aurkitzea zen, eta aparkalekua bilatzeari ekin genion. Horrela ezagutu genuen Mohamed. Hiriko hotel garestienetako batean egiten du lan, egunean hamabi orduz, autoak zaintzen. Audi eta Volvo artean txokoren bat egingo ote zigun galdetu genion, eta berak baietz, jartzeko ezkutu samarrean. Baina, gaua bertan pasatzeko asmoa antzeman zigunean, aurpegia aldatu zitzaion, nagusien beldur. "Zatozte etxera, zazpietan bukatzen dut lana".

Begiak zabaldu ditugu. Fezen gaude. Khadija, Mohameden ama, gosaria prestatzen ari da dagoeneko. Utman txikia eskolarako gertu dago, motxila eta guzti. Khalid, aita, gaur Casablancara doa medikamentu bila. Eta gu oraindik makarrak kentzeko.

Bezperako solasaldia luzatu da gosaritan, eta laugarren teari uko eginda, medina zaharrera jo dugu. Dena kalea eta jendea. Zilarra, gozo-gauza, astoak, alfonbrak, usainak. Larrua ontzeko uso-kakarena, espezia dendakoa, barazki merkatukoa eta sailkaezinak egiten zaizkigun beste mila.


Arratsaldea Utmanekin jolasean eman dugu. Eskolako kanta bat eta  Son gokuren kamejameja arabez egiten erakutsi digu. Mohamed lanetik itzuli denean egin ditugu biharko planak: hammama eta kuskusa! Hamabostean izango da "Rabi‘ al-Awwal"-a, Mahomaren urtebetetzea, eta ordurako barrutik eta kanpotik egon behar dugu garbi!


Hiru egun eman ditugu Mtoul familiarekin, eta bagoazela esan diegu. Azken une hauetan, zeharka, baina, eskean hasi zaizkigu. Ezustean harrapatu gaitu. Egia esan, deserosoa egin zaigu eta agurrak ez dira guk nahi bezain beroak izan. Ahaztuta geneukan europarrak ginela. Honen analisia, aurrerago.

6 comentaris:

  1. Ai zeate bizi arrastok ematen!!! Ta argazkitan e itxura txarrik eztakezue. Ondo, ondo!!!
    Bueno bikote, segi gozatzen ta hemendik seitukoiteu zuen ibilik!!!

    Besarkada bat "R" gabeko Alegitik!!!

    ResponElimina
  2. Earki ikusten zaizue! Animo biajian! Hemendik interes handiyakin jarraitzen diagu zuen kronika eta!
    Unanue

    ResponElimina
  3. Aupa lagunok, troskan zerbeza presko-preskoa zeukeau pronto, etortzen zeateneako noski!!
    Bittarten ondo izan eta gorantzik danan partetik. Aio

    ResponElimina
  4. hoi dek hoi ! Alemaniako linterneroen ibilia Afrikan barrena... Ittute arreglon enpresa afrikarra osatuta izango zeate honuzkeo ! Besarkada beroa.

    ResponElimina
  5. kaixo Euskalerritio...ondo zeatelakoan, gu hementxe hortzak luze-luze eginda, zuen gorabeherak komentatzen....Hortzak, beste ezer ez zaigulako luzatzen....ja,ja. Zaindu ondo ibili, asko gogoratzen gara...Ni haunditan zuek bezala. Muxu bana

    ResponElimina
  6. Pasatzen ai die eunek belozidade earren baiño zuek seguro xuia-xuia gu baiño preskura earragon zabiltzetela! Hoi inbidi sanoa geo!!! Jun zeatenetio zuek faltan botatzen ta eunek kontatzen noiz elkartuko berriro!!!!Earrak idatzik ta argazkik e eziñ hobek! Segi fin-fin zuen berri ematen! Patxo erraldoi bat itsasoz bestaldetik ta ondo segi!

    Aupa paxintxi!!!!!!

    ResponElimina