2011-03-09

Sahara


Itsas-ertzetik zeharkatu dugu Sahara. Ertzetik. Zeharkatu. Ikusi ditugu militarrak, hesiak, banderak. Imaginatu ditugu minak, minak, eta amorru-malkoak. Baina, guk ertzetik zeharkatu dugu Sahara. Zeharka.

Marokon denbora gehitxo eginda, Afrika beltzera pasatzeko gogoz, Mendebaldeko Sahara ez-leku bihurtu zaigu. Mauritaniarako bidean sentitzen gara Mendebaldeko Saharan baino gehiago.

Gau bat egin dugu Lâayounen eta bi Dakhlan. Bertako arrantzaleak, Alpujarretako komuna bateko sei gazte eta gu elkartu gara azken lurmutur honetako hondartza batean. Darbuka soinuak, kitarra doinuak eta suzko malabareak iluntzean. Hara gure Dakhla. Hizketaldi laburrak izan ditugu bertakoekin. Laburregiak. Eta begirada motz gelditu zaigu.

Erdi nahigabeko eta erdi nahitako miope, ezjakintasunaz jakitun, gure oinek lurrik ukitu ez balute bezala pasatu garela iruditzen zaigu. Ezin, beraz, ez dakigunaz baizik idatzi.
Ezezko esaldiak, herri ukatu batentzat.

Zorretan gaude zurekin, Sahara.


Mendebaldean, itsasoa

Errepide amaigabea

Itsasbehera Dakhlan

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada