2011-03-05

Tan-Tan-Rabat-Tan-Tan

 
Kuriosoa da ze gertakari desberdinek egiten duten topo ezustekoen zakuan. Gozoek, gaziek,...

Ezustekoa da, adibidez, Ataungo kanteran lanean aritutako amazigh bat ezagutzea. Ezustekoa da, ia Saharako puntan konturatzea Boteprontok azpiko aldean aldatzeko gurpil bat duela (eta guk saihespean gibela galanta!). Ezustekoa da, Mauritaniako bisatuarekin gertatu berri zaiguna.

90. hamarkadako foroak kontsultatzeak ematen duen lasaitasunarekin, egunak generamatzan hegoalderantz, Mauritanian sartzeko baimena mugan bertan emango zigutelakoan. Damian argentinarrak abisatu zigun, ezagutu zuela bisatuaren bila Rabatera joandakoren bat. “Badaezpadakeriak”, pentsatu genuen guk, Tan-Tan-era jotzea erabakita.

Zalantzaren harra kriski-kraska ari zen, ordea, eta enbaxadetara deika hasi ginen telefonoz, harik eta zalantza guztiak uxatu zizkiguten arte: 2009an erretiratu zituzten zigiluak mugetatik, eta Rabatera jo beste erremediorik ez genuen bisatua lortzeko. Alegia, bi mila kilometrotik gora etorritako bidetik. Goazen, ba!


Kuriosoa da kaskagogorkeriaren fenomenoa. Eskarmentutik ikasi beharrean dohain gisa bizi dugunoi, hormak, itsasoak eta Mauritaniako mugak zeharkatu ditzakegula sinestarazten digu. Eta hala, kopeteko mingarriak hartzen dira, edo Kubarako hegaldiak galdu.

Kuriosoa da burugogorkeriaren fenomenoa. Bi mila kilometro egiteko lagun ona da, behintzat.

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada