2011-04-01

"Le Bout du Monde"

Dakarreko eromenetik ihes egiteko toki aproposa da Gorée irla. Historia liburuek diote, XVIII. mende amaieran, esklaboz beteriko ontziak porturatzen zirela bertan. Gaur egun ere etengabea da barkuen joan-etorria, baina, argazki kameradun turista da karriatzen duten merkantzia preziatua.

 
Eta guri, esklabotzaren Port Aventura-n eguna pasa izanaren aho zaporea geratu zaigu. Atzo esklabo tratuarekin aberastu ziren haiek dira gaur museoak finantzatzen dituztenak. Dozena-erdi panel eta ahots lodiko gida bat jarri, eta anaitasun diskurtsoa zabaltzen dutenak. Kultur-aniztasuna ahoan. Kontzientziak zuri.


Munduarekin haserre zaudenean, ordea, beti agertzen da aingeruren bat, esertzeko tokia egin eta garagardo bat eskainiz. Honek Yaya du izena. Eta aingeru batek bestea dakar, eta konturatzerako bete da mahaia eta hasi dira djenbe hotsak, eta bagoaz kalejiran herrian zehar. Eta amonak dantzan. Eta gu, gorputzak mugitzen, esango dugu. Eta barreak eta afaritarako gonbidapenak. Eta eskuak arrozetan. Eta ale txikienak hitz handiegitan galtzeko beldurrik gabe, kulturartekotasuna da gurea. Eskuak arrozetan, "Le Bout du Monde"-en.
 

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada