2011-07-13

Urkizutik Faktoriara

Gaur izan gara Euskadi Irratiko Faktoria saioan, Manu Etxezorturekin hizketan.
Hasieran nerbioei ezin eutsirik aritu gara, eta gero motza egin zaigu!

Beldur pixka bat ematen du elkarrizketatua izateak. Zer galdetuko ote digute? Nola erantzungo ote dugu? Larritu egin gara, eta Miramongo aparkalekuan, gure Boteprontotik atera aurretik, pasarazi nahi genituen ideia nagusiak papertxo batean idatzi ditugu. Poltsikoan sartu eta han joan gara.
"- Neokolonialismoa (Frantzia eta Europa, Txina, Saharan Maroko...), turismo txarraren eragin kaltegarriak, zenbait kooperazio proiekturen ustelkeria...
- Gure aurreiritziak. Urtetako informazio eskasak gure garunetan uzten duen zaborra. Arrazistak gara. Bai.
- Afrikari buruzko gure ezezagutzaz haratago: historia aberatsa (kolonizazioaren aurretik "ere bai"!), aniztasuna (kulturak, hizkuntzak...), espiritualtasuna...
- Herri musulmanetan emakumea ez dago a priori gurean baino zapalduago. Zapiaren gaia ateraz gero, gogor egin!
- Afrikar "pobreenganako" paternalismorik ez!

- Eskerrak eman bidaia prestatzen eta bidaian zehar lagundu diguten lagunei.
- Ez dugu "zaila" den ezer egin, gurea ez da "abentura" bat izan. Zailena abiatzea izan da, eta entzungo gaituztenei hori esatera gatoz!"

Nola ez, idatzitako erdiak ere ez ditugu esan. Baina, horietako batzuk bai! Espero dugu antena-unea baliatu izana, eta entzun gaituztenetako batzuei Afrika ezagutzeko gogoa piztu, edo indartu izana.

A, eta gaur goizean Euskadi Irratia entzutea baino zerbait hobea egiten ari zinetenok (zorionekoak zuek!) elkarrizketa entzun nahi izanez gero, sakatu hemen!

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada